Belateko lapurrena
Belateko lapurrena | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | ezezaguna |
Argitaratze-data | 1817 |
Izenburua | Gauza bat deklaratzen... |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | euskara |
Belateko lapurrena euskal gaizkile batzuei egindako bertso-sorta da. Euskal Herrian bidelapurren inguruan kontatzen den istorio basati eta gordinenetakoa da Belateko lapurrena. Mugimendu handia zegoen portu hartan, Iruñera iristeko edo Iruñetik kostalderantz. 1809 eta 1817 urte artean aritu ziren Belateko lapurrak lanean, mugimendu horretatik probetxua atera nahian, eta hamaika krimen burutu zituzten. Nafarroa mailan bide garrantzitsua zenez, bidaiariak babesteko talde bat sortu zen: Lantzeko Guardianoak. Zenoz anaiak, Juan Martin, Pedro Martin eta Pedro Esteban, eta laugarrena Juan Bautista Lantz, Zenoz anaien koinatua. Bidea zaintzeko helburua zuten guardia horiek ziren, finean Belateko lapurrak[1].
Gertakariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenik, guardiano gisa, bidaiariak eskoltatzen zituzten, eta kaminoan beraien poltsaren pisua neurtzen zuten galderak eginaz. Txanpon hotsak merezi zuela ondorioztatuz gero, bideko tokiren batean agurtu eta handik kilometro batzuetara erasotzen zituzten bidaiariak, mozorrotuta. Lapurretak egiteaz gain, batzu-batzuk ere hil omen zituzten lapurrek, eta gorpuak Almandozeko leize batera botatzen zituzten. Leize honen kokalekua jakina da: Almandozeko herrian, Belateko portuaren 35. eta 36. kilometroen artean, eskuinerantz irteten den kaminotxo bat hartu behar da, San Blaseko bentatik Almandozeko usategietara doana. Bertan, Barazelaiko ordokian, bada leize zulo bat dolina baten aldamenean. Sei bat metroko arrapala dauka, eta jarraian 35 metroko zulo bertikala. Horra botatzen zituzten eurekin gurutzatzeko zorigaitza izan zuten bidaiariak.
Belateko lapurren istorioa detaile handiz kontatu zuen Jose Maria Iribarrenek “El moro corellano y los bandidos de Lanz” liburuan. Iribarrenek istorioaren berri izan zuenean Lantzeko apaizarekin jarri zen kontaktuan, eta bere kasa bildutako informazioa eta abadeak eman ziona elkartuta idatzi zuen liburua. Lapurrak ikazkinak ziren. Behin baino gehiagotan jendea eurak egindako lapurreten salaketa jartzera joan, eta lapurren bila abiatzen zirela irudikatzen zuten. Hasieran jendea engainatuta zeukaten, baina denborak aurrera egin ahala geroz eta gehiagok zekiten egia, baina sekretua ez zen asko zabaldu, ikaragarrizko beldurra baitzien jendeak guardianoei. Anozibar herriko Salbatorena etxeko nagusiak aurre egin zien, baina heriotzarekin ordaindu zuen bere ausardia.
Azkenean, harrapatu eta urkamendira kondenatu zituzten. Joxe Migel Gorraiz izeneko seminarista batek idatzi utzi zituen bere koadernoan Lantzekoen exekuzioaren nondik-norakoak: lau gizon hil zituztela zintzilikatuta, denak Lantzekoak, eta bosgarren bat ez zutela hil 18 urte zeuzkalako, baina exekuzioak ikustera behartu zutela soka bat lepoan jarrita.
Bidelapurren gorpuak zatikatu egin zituzten eta hainbat krimenen eszenatokietan jarri: baten burua Anozibarreko Angiliturrin, beste batena Lantzeko Ganbo iturrian, beste batena oraindik “Aurpegi” deitzen zaion Ultzamako paraje batean, Almandozeko leize inguruan ere jarri zuten gorputz atalen bat.
Exekutatu zituzten egunean bertsolari bat zegoen publikoan, eta ez kanpotik joana, baizik eta bera ere presoa zelako. Gauza bat deklaratzen izeneko bertso sorta idatzi zuen, Oskorrik musikatu zuena. Oskorrik zuzenean jo zuteneko bertsio bat argitaratu zuen “Pub Ibiltaria” diskan.
Bertsoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1. Gauza bat deklaratzen
Bear det orain asi;
Denbora asko eztuela
Zer degun ikusi.
Enkargatu ninduena
Orain ez da bizi;
Lagunekin batian
Zuten galerazi:
Orien bekatuak
Ala zuten merezi.
2. Bi urte bete ditu
Esan zidatela
Batek partikularki
Lazki beldur tzela;
Aditzen baldin banuen
Galdu zituztela,
Berso bida berriak
Paratu netzala;
Orai abiatzen naiz
Oroitzen naizela.
3. Egun señalatua
Zen Santa Barbara,
Presentian giñenak
Oroitzen al gera;
San Jose gloriosoak
Gaitzala anpara,
Allegatu gabentanik
Tranze orretara.
Egun artan zituzten
Urkabian para.
4. Anayetan zarrena
Juan tzen aurrera;
Garbos pasa zituen
Zenbait eskalera;
Allegatu zanian
Gero urkabera,
Konseju onak ematen
Oyuz zegon bera.
Ai! ura egun artako
Gizonen galera.
5. Tunika bat buruan
Soñian trajia
Prebeniturik zegon
Ayen enkajia.
Eskaleretan goiti
Iduri pajia,
Iltzera goaki eta
Ura korajia!
Makurren zuzentzeko
A! zer parajia!
6. Ordukoz ura illa
Gero bigarrenari,
Kuerda lepotik sartzen
Zitzaizkolarik ari.
Tunika bat burutik
Zitzaion erori,
Begira gelditu zen
Bere anayari,
A! zer konsuelua
Biotz altxagarri!
7. Bida illak zituzten
Gero irugarrena
Ark manifestatzen zuen
Lastimarik geyena.
Lenagoa gaizki egiñaz
Gero zuen pena;
Etzuela guardatu
Jaunaren ordena,
Zuzen ibiliko da
Munduan zurduena.
8. Laugarrena juan tzen
Guzien atzian,
“”””Jesus””””! esaten zuen
Kuerda paratzian;
Salve bat errezatzeko
Artaz oroitzian;
Ala agintzen zuen
Ark eriotzian,
Pena asko zedukala
Bere biotzian.
9. Ayen etxuak ziran
Ongi probatuak;
Krueldade aundiyan
Ziren kastigatuak;
Lauetatik iru
Deskuartizatuak
Izugarriak ziran
Ayen bekatuak,
Amar lekutan daude
Puskak paratuak.
10. Eken pensamentua
Beti maldadian,
Ez dirade ibilli
Kristauen legian;
Ill eta arrobatuz
Zoazilarik bidian,
Nola egunaz eta
Igual gabian,
Orai pagatu tuzte
Azken egunian.
11. Ainbertze beldurrekin
Jendiak belaten;
Uste dut pasajeruak
Gusto artzen duten.
Bertzeren ontasunak
Ari ziren yaten;
Pesalunbria baizik
Etzuten ematen:
Pepek deskantsu ona
paratu du aurten.
12. Zenbait arroario (arrobario)
Eta eriotze
Mundu ontan klaroki
Aitortu dituzte;
Ainbertze gaixtakeri
Zirelarik gazte;
Geyago eginen zuten
Utzi balituzte,
Azkenian ederki
Pagatu dituzte.
13. Gaizki egin bazuten
Ayek mundu onetan,
Padezitu zituzten
Azken egunetan;
Baldin “”””por si acaso””””
Badaude biarretan,
Beren zorren pagatzen
Purgatorioetan,
Errezatu dezagun
Eken faboretan.
14. A! zer konsuelua
gure asoena (gurasoena)
Umiengatik artzen
Orrenbertze pena!
Asi eta ondoko
Pagamendu ona
Azkenekoz erortzen
Gaizki dabillena;
Ori da mundu ontan
Pensatu bear dena.
15. Gizonak mundu ontan
Pensatu bear luke
Nondik etor daiteken
Orrenbertze neke,
Jangoikoari oyuka
Miserikordia ezke,
Bañan etzioten utzi
Nai adiña epe.
Padrino ona zuten
Azkeneko Pepe.
16. Asko gurasoeri
Nai diet adierazi
Beren umiak nola
Bear dituzten azi.
Ingenio gaiztoak
Alez galerazi,
Jangoikoaren legia
Ongi arrerazi,
Nai duena egitera
Beñere ez utzi.
17. Konseju onak eman
Umeari gaztetan.
Dotrina erakutsi
goiz edo arratsetan.
Kastigu sobera gabe
Bear modutan,
Estimatu dezaten
Dabiltzan lekuetan,
Asko galtzen baitira
Gurasoen faltan.
18. Amar manamentuak
Agintzen duena
Jangoikua amatu
Da printzipalena.
Juramenturik gabe,
Gero bigarrena.
Obligaziua delarik,
Entzun meza bana.
Errespetua iduki
Aita eta amaingana.
19. Bortzgarrenekoa
Nior ez iltzia.
Lujuriak utzi eta
Ain guti ebastia.
Falso testimoniorik
Iñori ez goratzia.
Ez deseatu bertzen
Senar edo emaztia.
Ori da manamenduak
Ongi guardatzia.
20. Kalabozo batian
Kantuen paratzen,
Gosiak ill urrena,
Otzak akabatzen.
Ezta enbusteria,
Ala ari nitzen.
Anima defuntuak
Naute anparatzen.
Pasa baño errexago
Dirade kontatzen.”
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ cc-by-sa lizentziapean: Embarek, Beñat Hach. (2020-02-04). «Belateko lapurrak» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).